Denbora galduaren bila
Egilea: Marcel Proust
Argitaletxea: Elkar
Itzultzailea: Joxe Austin Arrieta Ugartetxea
"Ordu haiek berpizteko aukera ezin birsortuko da inoiz niretzat. Baina istant baten buruan, belarria erne zolitzen badut, berriro hasten naiz intziri haiek hautematen, aitaren aurrean eutsi ahal izateko adina indar izan nuenak, eta soilik amarekin bakarrik gelditu nintzenean lehertu zitzaizkidanak. Berez, ez dira inoiz atertu intziriok; eta bizitza nire inguruan orain isilagoa delako, horrexegatik aditzen ditut berriro, komentuetako ezkilak bailiran, egunean zehar hiriko hotsek hain ongi isilaraziak non pentsa bailiteke ez derauntsatela batere, baina arratseko isiltasunean ostera berriz erauntsika sumatu ohi ditugunak". XX. mendearen hasieran argitaratu zenez geroztik, gizaldi osoko eleberrigintza aldatu eta baldintzatu zuen lana da Denbora galduaren bila, ez bakarrik sorleku izan zuen Frantzian ezpada mendebalde osoan, literatura unibertsaleko lan erraldoietako bat baitugu hau, tamainaz bezainbeste kalitatez eta oihartzunez. Parisko saloietako burges eta aristokraten zaletasun eta makurkerien erakusleiho izateaz gain, giza arimaren barrunbeetan inor gutxik bezala arakatzen du Proustek, oroitzapen zaharren lorratzei bezala ekintza ñimiñoenaren atze-aurreei antzemanez, esaldi luze bezain eder eta ñabarduraz beterikoen bitartez.