Galtzagorriei to, Inaxito! Ipuina

Egilea: Trikuarri taldea

Argitaletxea: Lanku

2003an bertsolaritza haurrengana hurbiltzeko asmoz uztartu zituen bertsoa eta antzerkia Trikuharri taldeak. Ibilbide honen azken emaitza da GALTZAGORRIEI TO, INAXITO! bertso-antzerkia eta berari jarraiki ekoiztu diren DVDa zein ipuina. Joan den 8 urtean hiru bertso-antzerki ekoiztu dituzte Trikuharri taldeko kide diren Ibai Esoainek, Xabier Sukiak eta Gorka Tolosak. Hirurak ala hirurak bertso-eskoletako ekinbidetik datozenak. Trikuharri taldea aitzindari dugu Euskal Herrian plazaz plaza haurrentzako bertso-antzerkiak eskaintzen. Ibilbide horretan, hiru bertso-antzerki gauzatu dituzte: lehena, “Inaxitoren ametsak”; bigarrena, “1, 2, 3… Inaxito!”, eta azkena “Galtzagorriei to, Inaxito!”. Haurrentzako euskarri berriak Plazaz plaza eskaintzen den bertso-antzerkiaren gozamenarekin jarraitzeko, azken emanaldiari lotzen zaion DVDa eta ipuina gauzatu ditu Trikuharri taldeak. Euskal mitologia ardatz harturik, antzerkiaren bidez ikusten dena berrekartzeko aukera ematen du ipuinak Alai Zubimendiren ilustrazioekin. DVDan, berriz, Trikuharri taldearen ibilbide txikia eta hirugarren lanaren emaitza aurkezten da: antzerki emanaldia bera, bertsoak, jolasak eta protagonistei egindako elkarrizketak aurkituko ditu erabiltzaileak. Galtzagorriei to, Inaxito! Inaxitoren laguntzarekin Euskal Herriko mitologia ezagutzeko aukera izango du DVDa eskuartean duenak: Basajaun, Lamiak, Anbotoko Anderea… Trikuharri taldearen sorkuntzak ezagutu eta bertsoaren bitartez jolasteko aukera eman nahi izan dute. Bakarrik, lagunekin, familiarekin, nahi denarekin ikusiz eta entzunez gozatzeko.