Goizuetan bada gizon bat
Egilea: Patziku Perurena
Argitaletxea: Alberdania
Goizuetan bada gizon bat… Hunkigarriak, bertsoak. Eta zenbat aldiz ez ote ditugu kantatu hainbat afalondotan. Izanez ere, horren ederki paratu zizkigun Mikel Laboak, hautspetik atera eta.
Egun zorioneko batean, artean hain gazte eta berde ez nintzela, Goizuetako elizako artxibora jo nuen. Ez dakit seguru zeren aztarren bila. Eta hango bikario zenak esan zidan: “Trabukorena aztartu behar zenuke. Ni hasi nintzen zerozer, baina”... Eta han atera zidan segituan, karpeta urdin bat, bere esku motx xalo haiekin idatzitako paper mordoxka batekin. Tartean, kanta honen aztarrenak izan zitezkenak: Urdallu, Elama, Gotzain, Berdabio eta, Artikutza inguruko baserrietan 1800-1850 aldera bizi izandako familien zerrendak, eta hola. Ongi gogoan dut bai, arrunt liluraturik nola utzi ninduen Don Bixenteren argiprintza ilun hark!... Eta handik aurrera, Trabukoren kanta aditu aldiro, lehen ez bezalako ikasmin ilun batek goibeldua uzten zidan bihotza, zinezko erroak non galduak edukiko ote zituen pentsatzen.