Larrutik ordaindua

Egilea: Joseba Lozano

Argitaletxea: Alberdania

Nobela historikoa + thrillerra. Irakurleak harrapatzen duen erritmo biziko literatura. Frantzia, 1871. Pariseko Komuna abian da. Gobernuko Armadak setioa jarri dio hiriburuari Komuna akabatzeko asmotan. Giro nahasi hartan, herritar batzuen gorpuak agertu dira Pariseko kaleetan: larrua kendu, eta odol guztia atera diete. Komunaren Gobernuak emakume bat aukeratu du, hilketa beldurgarri horiek ikertzeko eta hiltzailea harrapatzeko: Sophie Blanchet, psikiatriko batean lan egiteaz gain, hiltzaileen portaerak ikertzen dituena. Bi gizon jarri dira haren agindutara: Fabian, iraultzaile idealista gaztea; eta Leo, Polinesiako irla batean hamar urte preso igaro ondoren, Komunaren alde lan egiten duena. Intrigaz, misterioz eta abenturaz betetako eleberri honek bi genero uztartzen ditu: nobela historikoa eta thrillerra. Sozietate sekretuak, espiritismoa, histeria, hipnosia, droga berriak, erlijioa, amodioa… hori guztia, barrikadaz betetako hiri dardarati batean. “Argiaren Hiria”, itzaletan murgilduta.