Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak

Egilea: Dani Fano

Argitaletxea: Astiberri Ediciones

Itzultzailea: Koldo Izagirre

Dani Fano donostiarrak 1905ean El Salvadorren jaiotako ekintzaile nekaezina izan zen Migel Marmolen bizitzak eta heriotzak eman dizkigu luze bezain eder. Liburu hau zortzi urteko lan saiatu baten emaitza zaindua eta bikaindua dugu.

Ilopangoko familia txiro bateko seme txikiena izanik, Migeltxok artopil zopa janez zaildu behar izan zuen sabela titiko haurra zela. Zapatari-ofizioa ikasi zuen gaztetan, baita sindikatuak eta langile-federakuntzak antolatzen ere. Horrela, 1930ean, El Salvadorreko Alderdi Komunista eratu zuen beste kide batzuekin. Urte hartan bertan SESBera bidaiatu zuen sobiertar iraultza bertatik bertara ezagutzeko.

Handik itzuli ostean Martinez jenerala buru zuen gobernu totalitarioaren aurka jardun zuen 1932ko indigena eta langileen matxinadaren antolakuntzan Farabundo Marti, Feliciano Ama, Chico Sanchez eta beste hainbat burkideren ondoan. Migel atxilotu eta fusilatu egin zuten gainerako burkideak eta beste milaka indigena bezala. Eta aihotzaz eman zioten azkena. Ustez. Migelek ez baitzuen mundu hau uzteko asmorik, aurre egin zion heriotzaren diktadurari ere. Harrezkero, mehatxatua, atxilotua nahiz torturatua, ez zion justizia sozialaren alde borrokatzeari utzi. El Salvadorren zein Guatemalan, langile taldeak suspertu eta antolatu zituen. Hamaika bider agertu zitzaion heriotza, eta hamaika bider egin zion ezetz. Migeltxoren bizitza XX. mendeko El Salvadorreko historia zauritua josteko haria da.

Dani Fano (Donostia, 1968). Irudigile eta komikigile gipuzkoarra, Ikastolen Elkarterako material didaktikoa ilustratzen hasi zen 1990eko urtealdian. Harrezkero ohikoa da haren marrazkiak aurkitzea Euskal Herri osoan zehar posterretan, karteletan eta hainbat kanpaina ilustratzen. Lehen binetak umore grafikoa egiteko marraztu zituen. Mutxo!, Ardi Beltza, Kalegorria, Ipurbeltz, Elhuyar, Osatuberri eta H28 aldizkarietan aritu izan zen, eta baita Garaegunkariko "Gaur8" gehigarrian ere. Liburuak ilustratu izan ditu, eta material multimedia ugari. 2005etik Xabiroi komiki-aldizkariko zuzendaria da eta egile gisa ere ageri da. Gidoia eta marrazkiak egin zituen bi albumentzat: TeleATOI. Kalabaza haluzinogenoak (Ikastolen Elkartea, 2010) eta Anubis 3.0 (Ikastolen Elkartea, 2012). Kortsarioen ostatua albumerako (Ikastolen Elkartea, 2015) gidoia egin zion Guillermo Gonzalez marrazkilari bizkaitarrari.