Nire zakurrarekin solasean Frantziaz eta frantsesetaz
Egilea: Joan-Lluís Lluís
Argitaletxea: Gatuzain
- Hator jatera ene zakur ona... Eta otoi, garbi ezak platera, horrela frantsesek gutxiago izango dute eta... - Ah bai, frantsesek... Aspalditik jakin nahian nabilek zer adierazi nahi dukan hire betiko lelo horrekin : “hala frantsesek gutxiago izango ditek”. Eta gehiago izango balute zer ? Argi iezadak, ez baitut ulertzen. Terrats herria ez al dago ba Frantzian, ez al gaituk, hi eta ni, gizon eta zakur frantsesak ? Herriko beste zakurrak gogotsu zaunka egiten ditek frantsesez eta gutako gutxiri katalanez hitz egiten zigutek etxean. Jakin ezak ni batzuetan gaizki ikusia naizela hiri plazer egiteagatik katalan erara zaunka egiten saiatzen naizenean... Benetan diosat, eseri eta gai horretaz patxadaz mintzatu beharko genikek biok. - Ongi duk, eser gaitezen ba eta hitz egin dezagun gai horretaz. Frantzia eta frantziarrei buruz jardun nahi duk ? Ados, baina goazen harira, zeren hain duk zabala gaia, non gau osoak igaro baikenitzakeen. Zer jakin nahi duk ? Dena, nik uste. Frantzia zer den, non hasten den, non bukatzen den eta zergatik frantsesa izatea hain gutxi maite dukan.