Pololoak 3 - Atxeritoko balada

Egilea: Patxi Gallego Palacios

Argitaletxea: Elkar

2004an kaleratu zen Pololoak-Poxpoliñen lurriña, Xabinaitorren lehen abentura, eta egundoko sorpresa pozgarria izan zen euskal irakurleentzat, arrazoi askorengatik: nobela grafiko bat kaleratzen zen lehenengo aldia zen; gure herriko hainbat topiko eta kontraesanen gainean umorez jarduten zuen; eta, horrez gain, sexuari buruzko halako ikuspegi alai eta lotsagabe bat ageri zuen.

Handik bi urtera, 2006an kaleratu zuen Patxi Gallegok gure super-heroiaren sortako bigarrena: Pololoak 2-Poxpoliñaren bahiketa, aurrekoaren dohainak izateaz gainera, berrikuntza nabarmenak ere bazekartzana: komikiaren alderdia garatuago zuen, marrazki-teknika landuagoa, eta zale zaharrik galdu gabe berriak bereganatu zituela esan daiteke.

Horrenbestez, asko eta asko izango dira orain aurkezten den liburuaren zain zeudenak: Pololoak 3-Atxeritoko balada. Hemen ere jarraipena ikus liteke, lehengo ezaugarri haiek guztiek bertan jarraitzen baitute, baina berritasunik ere ez da falta: istorioa bera luzeagoa da (1. liburuak 160 orrialde, 2.ak 200 eta 3.ak 240); kolorearen erabilera ere azpimarratzekoa da: lehen liburuan txuri-beltza zen nagusi; bigarrenean kolorezkoak ziren pasarte batzuk, eta 3.ean orrialde guztiak egin ditu koloretan, akuarela abilki erabiliz (papera ere desberdina da liburuki honetan). Horrez gainera, egilearen agerpena azpimarra liteke (bere kezka eta zalantzen berri emanez), zertzelada soziologiko zorrotz bezain barregarrien agerpena (80ko hamarkadako janzkeraz, emakume tenislariez eta abar); film kuttunen erabilera (Belle de jour, The Ballad of Cable Hogue), eta beste hainbat xehetasun, irakurleak berak deskubritu beharko dituenak.

Askoren pozgarri ez ezik erreferentzia izatera iritsi den trilogia eder baten amaiera dugu beraz liburu hau (edo hala dirudi behintzat), eta pertsonaia maitagarri multzo baten agurra: Xabinaitor-Xabi Lizuniaga, Kariñe, Mari, Aldanondo eta Kortaja, Mayor Oreja eta bere sardinzarrak, Xabiren gurasoak, eta, batez ere, Euskal Herriko poxpoliña guztiak.