Txakur ingelesak
Egilea: Lutxo Egia
Argitaletxea: Susa Literatura
Era ugari dago mundutik desagertzeko. Heriotza da drastikoena, eta horrexegatik beti lehenbizi aipatzen dena, Lutxo Egiaren ipuin bilduma honetan bezala. Gero datoz bestelakoak: kartzela, ihesa, ezkutatzea, alderrai ibiltzea, itxura aldaketa, liluramenduzko amarrua. Eta agian sinpleena: oharkabean igarotzea.
Gaur egun fikziozko bizitza batean murgildurik bizi ote garen sentipena izaten dugu sarri, gero eta meheagoa delakoan errealitatearen eta birtualitatearen arteko muga, antzemanezina bihurtzerainoko horizonte fina. Ikusezina. Halakoxeak dira istorio hauetako pertsonaia asko. Hiriaren amaraunean katigaturik dabiltza, hezur eta mami batzuetan, besteetan ikusezin... han-hemen arrastoak utziz.